XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

TXIRRINDULARITZA

UCIk lasterketetako partaidetza murriztuko dela eta beste analisi bat egingo dela iragarri du

NAZIOARTEKO TXIRRINDULARITZA ELKARTEAK (UCI) atzo plazaratu zituen zuzendariekin, lasterketetako antolatzaileekin eta txirrindulariekin izaniko bileren ondorioak.

Hala, neurrien artean lasterketetako partaidetza 90etik 120 txirrindulari bitartera mugatzea aipatu du UCIk.

Kopurua aurten bertan ezarriko dela iragarri zuen.

Bestetik, Koloniako (Alemania) eta Lausanako (Suitza) laboratorioekin elkarlanean aritzeko asmoa azaldu zuen, gorputzak berak sortzen duen EPOaren tasa zehazteko.

Horrek ahalbidetu beharko du datorren urtetik aurrera EPOaren kanpoko manipulaziorik badagoen, azaldu dute UCIko arduradunek.

FUTBOLA

Alavesek Lemoan futbol ona egin, eta 0-2 irabazi zuen

ORAIN arteko futbolik onena aurkaririk gogorrenaren aurka Alavesek 0-2 irabazi zuen atzo arratsaldean Lemoan (Bizkaia) etxeko taldearen aurka jokatutako adiskidantzazko neurketan.

Alavesek denboraldi-aurreko alderik distiratsuena agertu zuen atzo, Arlonagusian.

Lehen zati polita egin zuen, batez ere Hermes Aldo Desiok, Gerard Lopezek eta Pablo Gomezek osatutako erdiko lerroari esker, baina, oro har, Jose Manuel Esnal Mane-k berme handiko jokalariak dituela erakutsi zuen Lemoako partiduak.

Pablok lortu zuen lehenengo gola aurreneko ordu erdia betetzear zegoela.

Manuel Canabalek baloia lapurtu, pasea atzerantz eman eta erdilari gasteiztarrak fusilatu baino ez zuen egin behar izan.

67. minutuan, berriz, Santiago Revillak erdi-txilenaz errematatu zuen Inocencio Gomez Ino-k bidalitako erdiraketa.

Alavesek Valladoliden aurka jokatuko du bihar Lakuntzan (Nafarroa), orain arteko probarik zailenean.

ZALDIAK

Kashwan izango da Urrezko Kopako faboritoa

LASARTEKO hipodromoan bihar jokatuko da Urrezko Kopa, eta bertan irabazle izateko Kashwan zaldia da faborito nagusia.

Lorenzo Sanz eta Enrique Sarasolaren zaldia da Kashwan, eta Philippe Sogorb jockey-aren agindupean korrituko du.

Faboritoa izan arren, izango du bere pareko aurkaririk Kashwan-ek.

Besteak beste, Persian Rule, bere anaia. Azken hiru urteotan ikusi den zaidirik hoberena dela esaten dute askok, eta, gainera, prestatzeko lasterketa berak irabazi zuen duela hiru aste, Bienvenido Morenoren agindutara.

TENISA

Lehen Tenis Tourra jokatuko da gaurtik igandera Donostiako Igara Tenis Klubean

DONOSTIAKO Igara Tenis Klubak antolaturik, I. Tenis Tourra jokatuko da gaurtik Igandera bitarte.

Tenis Tourra sei hiritan jokatzen den txapelketa da.

Donostiaz gain, Palma, Andorra, Santander, Bartzelona eta Huelva dira tour honen egoitzak. Parte hartzaileak honako hauek dira: Emilio Sanchez Vicario, Jordi Arrese, Juan Aguilera, Sergio Casal, Fernando Luna, Juan Avedaño, Eduardo Osta, Miguel Mir eta Roberto Vizcaíno. Partiduak bederatzi jokotara izango dira, eta irabazi guztiak hiesaren aurkako erakundeentzat izango dira.

ESKUBALOIA

Bidasoak Javier Valenzuela fitxatu du, eta gaur Zumaian jokatuko du

BIDASOAK Javier Valenzuela fitxatu du denboraldi baterako.

Madrildarrak zentral postuan jokatuko du.

Bidasoak denboraldi aurreko partiduei ekingo die gaur arratsaldeko 19:30etan, Zumaiako udal kiroldegian.

Pulpo Kirol Elkarteak antolaturik, Irundarrek Pontault-Combault Frantziako taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak. Bertan izango dira, Frantsousov, Girault, Zuzo eta Gudelj atzerritar berriak.

PILOTA

Sunbillan Capellan eta Bernak 22-14 irabazi zieten Goñi II.a eta Lasa III.ari

SUNBILLAN asteazkenean jokatu zen pilota partidua emozioz betea izan zen.

Goñi eta Lasa 12 eta 5 joan ziren markagailuan aurretik eta partidua irabaziko zutela uste zuten gehienek.

Baina orduan errioxarrak esnatu egin ziren, eta 14na berdintzea lortu zuten. Hortik aurrerako tantoak ere haiek egin zituzten, eta azkenean partidua irabazi zuten.

Mikel Goñi oso ondo ibili zen lehen zatian, baina gero indarra galdu zuen. Bernak ere ondo eutsi zion atzean Lasari, eta berari esker irabazi zuten partidua errioxarrek.

Jaialdia ireki zuen partiduan, berriz, Olaizola II.ak eta Almandozek 14 eta 22 galdu zuten Dani eta Apeztegiaren aurrean. Irabazleek primeran jokatu zuten.